Goizeko merkatutik hasi eta gaueko dantzaldira arte, pesta giroan eta guzien atseginerako, Hazparneko karriketan aktibitate eta animazio anitz izanen dira. Eskulangileek eta artista margolariek beren antze osoa agertuko dute, garaiko karroak, ibilgailuak eta txirrindolak erakutsiko eta herrian itzulika ibiliko dira, eta zaldien maitaleen atseginerako zaldi-erakustaldi bat izanen da.
Garaiko suhiltzaileek, jendeen laguntzarekin eta esku-ponpa bat erabiliz, nahitara piztutako sua itzaliko dute. Elizaren itzalpean, bederatzi birlako jokoan aritzen ahalko da.
Hazparnen tradizioak bizirik baitira, herriko pilota plazan, arratsalde hondarrean, herri kirolak izanen dira ere. Eta, azkenik, egun ahaztezina ongi bururatzeko, dantzaldia iraganen da…